EUSKARALDIAREN SUSTATZAILEAK GARA!

Dakizuenez, elkartean Reas Euskadik Antolatutako Euskaratzen taldearen Sustatzaileak bihurtu gara, eta talde horren partehartzearen barruan, Euskaraldiaren sustatzaile bezala apuntatzea erabaki dugu bai REAS Euskadik eta Fiare Elkarteak.
Zer da Euskaraldia?
Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri ditu.
Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.
Euskal hiztunen aktibazioa helburu: 11 egun euskaraz’
Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da.
Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean urtebete barru egingo den gizarte ariketa prestatzeko.
Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Hala ere, une honetan 40 herritik gora, tartean zenbait hiriburu, datorren urteko Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daudela aurreratu dute sustatzaileek, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela azpimarratu dute.
Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiak.
Nola izena eman?
Oso erreza da. Euskaraldiaren sare sozial guztietan zein sustatzaileen orrietan daukagu markatuta izen emateko sarbide. Horretarako pausoak oso errazak dira:
  1. link honetan sartu
  2. Erabaki ze rola hartu nahi duzun
  3. eta parte hartu!!

Eta besterik gabe falta zaiguna esatea……

 

 

ANIMATU!!!

Deja una respuesta